XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lana, langilea, lantegia. ITXAROPENA

Lantegitako jauntxo eta nagusiak gogor ari zaizkigu, urte muga honetan, ihazkoari begira azterketa sakonik egiten, emankorra ala antzua izan den neurtzen, irabaziak zenbatzen, aurtengoari begira lanik prestatzen, hobea izan dadin itxaropenez beterik.

Guk ez dugu irabazpideak zenbatzen lan haundirik, baina langile bezala gure azterketa egin beharrean gaudelakoan gaude.

Langile mugimenduak aldarte onak eta txarrak ezagutu ditu historian zehar, gure artean udaberria eta negu hotza ezagutu izan dituen bezalaxe. Europa mailan lehen gerrate nagusiaren garaian, eta geroxeago jasan izan zuen zatiketan, halako kinka izan bazuen ere, geroztik bere indarra erakusteko egokierarik izan du.

Interesgarria izango litzake nazioz nazio langileriak eman dituen pausoak gogoan hartu ondoren, azterketa bat egitea.

Denetik izan baita.

Inguruan gertatuak, bestalde, bertakoaren berri jakiteko laguntza onurakorra izan ohi da.

Frantzian LIP delako arazoarekin izan diren gorabeherak, nazioz gaindi hedatua dagoen kapitalaren aurkako estratejia, sindikatoen gehiago elkartu beharra eta abar, oso interesgarriak izan dira.

Baina, auteskundeetan, adibidez, ezkerrak ez du espero genuen guztia iritsi.

Gobernu jendeak bere nagusitasuna erakutsi du.

Halare kanpoan gertatuak ez du guretzat gehiegi balio, batipat egoera arras desberdin batetan bizi garelako.

Langilegoa gogoan izanik gure artean ere denetik ezagutu dugu.

Han hemenka sortu izan diren eztabaidak, geldiuneak, borrokak, alderdi on batzuk agertarazten dizkigute.

Hainbat urtetan lozorroan iraun duen, eta ez da gutxi, kontzientzia, berotu eta indarberritu zaigula dirudi.

Gazte askorengan halako jakin nahi bizi bat nabari da.

Horixe bera erakusten bait dute langile edo gizarte arazoak mintzatzeko antolatzen diren hitzaldiek.

Liburu mailan ere, damurik gehienak erderaz dauzkagun arren, gero eta azalpen, saiakera, informazio lan gehiago argitaratzen da.

Badugu historia mailan langilegoaz jabetzeko egokierarik.

Lantegi giroak erakusten duenez, kontzientzia zorroztu egin da.

Hori, ongi erabiliaz, onurakorra denik ezin uka.

Honenbestez ez dugu egin den guztia ontzat eman nahi, zerorrek ere, besterik gabe, aurrerapenaren izenean egiten den guztia bedeinkatzen ez duzun bezalaxe.

Hor duzu, oraindik orain, Yenka izenburuz idatzi genuen lana.

Demagojia merkerik ere ezagutu bait dugu zenbait lan arazotan.

Halare, orobat harturik, igazkoa oso urte ona izan dela emango genuke.

Gurdia nekez ibil daiteke gurpil bakarrerekin.

Ardatza batez elkarturik bi gurpil behar dituen antzera, guk ere langile klase kontzientzia beharrezkotzat jotzen dugun arren, ez gaude gurpil bakarrerekin gelditzeko prest, ez bait ginake euskal zalietan luzaroan abantatuko, ez bait ginake urrutira iritsiko.

Bigarren gurpila eskuratuko dugun itsaropenik ez dugu galtzen.

Igazkoa langilegoari begira ona dela izan dugu, baina bildur gaituzue, besterik gabe, horrekin bakarrik konformagaitzak ez diren guzti horiek gogoan izanik.

Betor, bai, betor langile kontzientzia, betor honek eskatzen duen erantzuna, zoritxarrez, halare lanik asko izango dugu eta.

Baina betor, baita ere, tokian tokikoari dagokionez, erantzungo duen langilea, betor euskal landa barruan sartzeko behar beharrezkoa dugun gurpila.

Egunetik egunera gauzak argituz doaz.

Lehenago lainopean zeuden gauza asko orain eguzkiaren argiak begi bistan ipini dizkigu, ikusi nahi duenak eragozpiderik gabe ikus dezan.

Hasi berria dugun urte honetan, ez dezagula itsaropenik gal.

MIKEL UGALDE.